Euskadi, El Salvador eta Costa Ricako Uraren eta Saneamenduaren arloko erakundeen arteko programa triangeluar baten baitan
Helburuetariko bat da horizontaltasunaren, adostasunaren, ekitatearen eta elkarrekiko onuraren printzipioetan oinarritzen den lankidetza teknikoa
Uraren eta Saneamenduaren arloko erakundeen arteko Euskadi-Erdialdeko Amerika Programaren baitan aste honetan bildu dira El Salvadorreko, Costa Ricako eta Euskadiko teknikariak. Topaketa honen helburua da edateko ura tratatzeko planten kudeaketa eraginkorra izateko ezagutza bultzatzea eta gaitasun teknikoak sendotzea.
Bileretan eta bisitetan Erdialdeko Amerikatik parte hartu dute El Salvadorreko Administración Nacional de Acueductos y Alcantarillados-eko (ANDA) eta Costa Ricako Instituto Costarricense de Acueductos y Alcantarillados-eko (AYA) funtzionarioak eta Euskaditik, Bilbao Bizkaia Ur Patzuergoko eta Uraren Euskal Agentziako (URA) teknikariak eta funtzionarioak, Bilboko Udalak lagunduta.
Programa 2018ko ekainean jarri zen martxan eta 2021ean bukatuko da. Orain arte 8 topaketa egin dituzte. Aurretik aipatutako erakundeek ez ezik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak, Arabako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Vitoria-Gasteizko Udalak, Bilboko Udalak eta EUSKAL FONDOA – Lankidetzarako Tokiko Euskal Erakundeen Elkarteak ere parte hartzen dute.
Ekimena aitzindaria da; izan ere, Euskadik, El Salvadorrek eta Costa Ricako esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzen lankidetzan jarduten dute, eta prestakuntza-ekintzak eta lankidetza teknikoa garatzen dituzte Era honetara sustatzen da horizontaltasunaren, adostasunaren, ekitatearen eta elkarrekiko onuraren printzipioetan oinarritzen den lankidetza teknikoa.
Ekimenaren helburuak
Ekimen honen helburua, Euskadiko Garapenerako Lankidetzaren Erakundeen arteko Batzordean sortu zen akordioarena, bikoitza da. Batetik, El Salvadorreko Anamorós eta Yucuaiquín udalerrietako uraren eta saneamenduaren giza eskubidea bermatzen lagundu nahi da; eta, bestetik, Costa Rican eta El Salvadorren uraren eta saneamenduaren zerbitzuen estaldura kudeatzeko eta hobetzeko gaitasunak sendotzea planteatzen da, lankidetza teknikoko modalitateen bitartez.
El Salvador eta Costa Ricako Ur Hornidura eta Saneamendu Zerbitzuetako langile teknikoek egindako bisitarekin, lankidetza loturak sendotu egin dira. Aurreko astean bisitak egin dira Venta Altako araztegira, Galindoko araztegira, eta geltoki bereko laborategietara. Hornidura sareak, Etxebarriko pilotu planta, ponpa eta kontrol sistemak, lohien kontrola, errausketa eta kogenerazio sistemak, etab. bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute.