AKUAL osatzen duten erakundeek programaren hirugarren epean ardatz izango den genero osagaiaren inguruko hausnarketa egin dute El Salvadorren

El Salvadorren, 2024ko urtarrilak 16

2024ko maiatzaren 14an eta 15ean, AKUALren genero-osagaia indartzeko tailerra egin zen San Salvadorren. Bertan, ANDA, AyA, FOCARD-APS, ISDEMU, INAMU, ESCO, AMVISA, EMAKUNDE, EUSKAL FONDOA, eLankidetza eta SABES erakundeetako ordezkariek parte hartu zuten, uraren genero-kudeaketari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko, eta AKUAL osatzen duten erakundeek giza eskubideen eta emakumeen eskubideen alde lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresteko, 2024ko uztailean hasi eta 2027ra arte luzatuko den programaren hirugarren fasean ere bai.

Joan den maiatzaren 14an, Noemí de la Fuente eLankidetzako Koordinazio Estrategikoko arduradunak, Karla Eugenia Majano de Palmak, ESCOko zuzendari nagusiak, Rubén Alemanek, ANDAko presidenteak eta Juan Manuel Quesada AyAko presidenteak ongietorri-hitzak egin eta tailerraren helburuak aurkeztu ondoren, tailerrari hasiera eman zitzaion, giza eskubideetan eta genero-berdintasunean aditua den Elena de Luis aholkulari eta ikertzailearen hitzaldiarekin. Adituak, ura eta saneamendua Nazio Batuen Batzar Orokorrak 2010. eta 2015. urteetan, hurrenez hurren, aitortutako giza eskubideak direla aztertu zuen, administrazio publikoek eskubide hori bermatzeko duten betebeharra azpimarratuz. Ponentzian zehar, ur- eta saneamendu-esku-hartzean genero-ikuspegia txertatzeko gomendioak ere egin ziren, eta uraren eskuragarritasuna bermatzeko erantzunkizuna duten eragileen atxikimenduaren garrantzia azpimarratu zen.

Eskualdeko jarduna

Lehen hitzaldiaren ondoren, Patricia Carrillok, Peruko Emakumearen Ministerioko Genero Zeharkakotasunerako saileko zuzendari nagusiak, Uraren kudeaketan genero-berdintasunerantz aurrera eginez hitzaldia aurkeztu zuen. Bertan, genero-ikuspegiaren zeharkakotasunean bai ikuspegi teknikoa eta baita ikuspegi politikoa ere barneratzearen garrantzia azpimarratu zuen, besteak beste.

Bestalde, FOCARD-APSko Manlia Romero ingeniariak bere erakundearen baitan genero-ikuspegiarekin lotuta egindako lanaz aritu zen bere hitzaldian, eta Berdintasunerako eta Genero Ekitaterako Eskualde Politika (PRIEG) izatearen garrantzia eta erakunde bazkideentzako inplikazioak nabarmendu zituen.

AKUAL III-ren inguruan adostasuna eraikiz

Lehen egunean, generoaren inguruko testuingurua eraiki ostean, bigarren jardunaldian 2024ko uztailetik 2027ra arte garatuko den AKUAL programaren hirugarren faserako proposatutako lan-ildo nagusiak gizarteratu ziren AKUAL osatzen duten erakundeen artean. Besteak beste, genero ikuspegia garatzeko ekintza-proposamena aurkeztu zen, eta, proposamen horretatik abiatuta, erakundeek ekarpenak egin zituzten, ekintzak lehenetsi zituzten eta lehen urteko Plan Operatiboa onartu zuten.