AKUAL programak aurrera doa: euskal erakunde kideek bilera teknikoa egingo dute Gasteizen, hirugarren Urteko Plan Operatiboari begira
AKUAL programak urrats sendoak ematen jarraitzen du bere finkatze eta gobernantza bidean. Sinergiak batzen jarraitzeko helburuarekin, Euskadiko erakunde kideek bilera tekniko bat egingo dute datorren ostegunean, ekainak 11. Saioa aurrez aurrekoa izango da, eLankidetzaren Gasteizko egoitzan.
Lan-topaketa goizeko 10:30etik 12:30era bitartean egingo da, eta helburu nagusi hauek izango ditu: orain arte egindako urratsak partekatzea, barne-koordinazioa sendotzea eta parte hartzen duten eragile guztien arteko erakunde-konpromisoak berritzea.
Fokua 3. Urteko Plan Operatiboan (UPO 3)
Jardunaldiak gai-zerrenda egituratua izango du, programaren ibilbidea aztertu eta hurrengo faseak zehazteko:
Lehenik eta behin, 1. eta 2. Plan Operatiboetan lortutako aurrerapenak, ikasitakoak eta mugarri nagusiak aurkeztuko dira; besteak beste, honako hauek:
-
Edateko ur-sistemak eraikitzea eta optimizatzea El Salvadorko Anamorós eta Yucuaiquin udalerrietan.
-
Erdialdeko Amerikako 250 profesional eta kudeatzaile tekniko baino gehiago prestatzea, Euskadiko ur-operadoreekin egindako egonaldi eta trukeen bidez.
-
Ihesen kontrola, makroneurketa eta saneamendua optimizatzea El Salvadorko (ANDA) eta Costa Ricako (AyA) ur-enpresa publikoetan.
-
El Salvadorko 1.000 familiari kalitatezko edateko ur-hornidura jasangarria bermatzea.
-
Eskoletan eta tokiko osasun-zentroetan ura, saneamendua eta higienea (ASH) bermatzeko komunitate-programak abian jartzea.
-
Generoko ekitatea txertatzea ANDA eta AyA enpresen plangintza teknikoan, uraren kudeaketan dauden arrakalak murriztuz.
Ondoren, etorkizun hurbilari begira jarriko dira, eta 3. Urteko Plan Operatiboaren (UPO 3) ildo nagusiak eta ekintza garrantzitsuenak azalduko dituzte, datozen urteetako bidea markatuko baitu horrek.
Azkenik, eztabaidarako tartea egongo da, erakunde kideen estrategiak lerrokatzeko ondorio nagusiak finkatze aldera.
Topaketaren xehetasunak:
- Data: 2026ko osteguna, ekainak 11
-
Ordutegia: 10:30 – 12:30
-
Tokia: eLankidetzaren egoitza (Gaztelako Atea 15, Vitoria-Gasteiz)
-
Modalitatea: Aurrez aurrekoa
Antolatzaileek talde tekniko guztien ahalegina eta inplikazioa baloratu eta eskertu nahi dituzte; izan ere, haien laguntza eta partaidetza dira AKUAL programaren arrakastaren motor nagusia.
