El Salvador eta Costa Rica NILSAren eta AKUAL programaren eskutik
AKUAL III programaren baitan —Euskadi, Nafarroa eta Erdialdeko Amerikaren arteko ur eta saneamendu lankidetzarako erakunde arteko egitasmoa—, NILSA Nafarroako Gobernuko sozietate publikoak misio teknikoa burutu du El Salvadorren eta Costa Rican. Bisita honen helburu nagusia saneamendu arloko gaitasun instituzionalak indartzea izan da, AKUALek sustatzen duen lankidetza tekniko publikoaren eta ezagutza-trukearen bitartez, betiere uraren eta saneamenduaren giza eskubidea bermatzea xede izanik.
Euskal Fondoaren eskutik eta programako kideekin koordinatuta, NILSAk saneamenduaren kudeaketa publikoan duen eskarmentua eskualdeko eragile garrantzitsuekin partekatu du. Prozesu hau elkarrengandik ikasteko eta tokian tokiko beharretara egokitutako konponbideak elkarlanean eraikitzeko logikan oinarritu da.
Goi-mailako elkarrizketa eta kohesio teknikoa El Salvadorren
Misioa martxoaren 23an, astelehena, hasi zen El Salvadorren. NILSAko adituek, Gregorio Berrozpek eta Jairo Gómezek, komunitate txikietako hondakin-uren tratamendu-sistemen inguruko prestakuntza teknikoa eman zuten. Saioan, ANDA (Edateko Uren eta Estolderiaren Administrazio Nazionala), MARN (Ingurumen eta Baliabide Naturalen Ministerioa) eta ASA (Salvadorreko Uraren Agintaritza) erakundeetako ordezkariek hartu zuten parte, uraren kudeaketan ardura duten erakundeen arteko artikulazioa indartuz.
Asteartean eta asteazkenean, hilak 24 eta 25, lan-taldea kostaldera joan zen El Tunco eta El Zonteko araztegien funtzionamendua bertatik bertara ezagutzeko. Bisita horiei esker, irizpide teknikoak trukatu, hobetzeko aukerak identifikatu eta eskala txikiko saneamendu-ereduen inguruko esperientziak partekatu ziren. Helburua ez zen irtenbide itxiak proposatzea, baizik eta lurraldearen beharretara egokitutako zerbitzu jasangarri eta eraginkorragoak lortzeko ezagutza baliagarriak bateratzea.
Prestakuntza aplikatua eta tokiko eragileekiko lana Costa Rican
Agendak Costa Rican jarraitu zuen martxoaren 26an eta 27an. Jarduerak AyA (Uraren eta Estolderiaren Costa Ricako Institutua) erakundean eta ASADAS komunitate-operadoreetan zentratu ziren, azken hauek funtsezkoak baitira landa-eremuko zerbitzuen jasangarritasunerako.
Esparru horretan, energia-kontsumo txikiko sistemen diseinuari buruzko prestakuntza espezializatua jaso zuten 20 teknikarik (emakumeen parte-hartze garrantzitsuarekin). Misioari amaiera emateko, praktika-saio bat egin zen landan, hondakin-uren tratamendua hobetzeko, karga kutsatzailea murrizteko eta osasun publiko zein ingurumen-arriskuak prebenitzeko tresnak partekatuz. Truke mota honek AKUALen helburu nagusietako bat berresten du: ur-zerbitzuen ardura duten erakunde publiko eta komunitarioen gaitasunak indartzea, genero-ikuspegia eta jasangarritasuna sustatuz.
Lankidetza publikoa, sare-lana eta epe luzerako konpromisoa
NILSAren parte-hartze hau AKUALek sustatzen duen lankidetza publikoaren ereduaren barruan kokatzen da, AMVISA, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoa, URA, ANDA, AyA eta FOCARD-APS bezalako erakundeekin batera. Horizontaltasunean, jakintzen trukean eta ura zein saneamendua ondasun publiko eta giza eskubide gisa hobetzeko borondatean oinarritutako aliantza da.
Abian jarri zenetik, AKUALek Euskadi, Nafarroa eta Erdialdeko Amerikaren arteko lankidetza teknikorako espazioa sendotu du, inbertsioak, indartze instituzionala, genero-ikuspegia eta gardentasuna uztartuz. Hirugarren edizio honetan, programak lurraldeetan eragin erreal eta iraunkorra sortzearen aldeko apustua egiten jarraitzen du, erakundeak indartuz eta erakunde publikoen eta komunitateen arteko elkarlanaren balioa agerian utziz.







