Euskal lankidetza publikoak Erdialdeko Amerikan ura eskuratzea bultzatzen du, AKUAL proiektuaren bidez
Uraren Nazioarteko Eguna dela eta, AKUAL lankidetza-programak nabarmendu du garrantzitsua dela zerbitzu publikoak indartzea ura izateko giza eskubidea bermatzeko batez ere ura eskuratzeko modua desberdina izaten jarraitzen duen testuinguruetan.
AKUAL Euskadi eta Erdialdeko Amerikaren arteko erakunde arteko kooperazio eta saneamendu programa bat da, Euskal Fondoak sustatua eLankidetza / Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Erakunde publikoen arteko lankidetza teknikoaren eta elkarrekiko ikaskuntzaren bidez, uraren kudeaketa publikoa indartzea eta zerbitzuen jasangarritasuna hobetzea du helburu programak.
Abian jarri zenetik, programak 5.000 pertsonari baino gehiagori lagundu die edateko ur segurua eskuratzen, eta Euskadiko, El Salvadorreko eta Costa Ricako uraren sektoreko 400 profesional baino gehiagoren gaitasun teknikoak indartu ditu.
Juanma Balerdi Urdanpilleta Euskal Fondoaren zuzendariaren ustez, “Edateko ura lortzea oinarrizko baldintza da osasunerako, berdintasunerako eta garapenerako. Horregatik, funtsezkoa da uraren eta saneamenduaren sistema publikoak indartzea eta horiek kudeatzen dituzten erakunde eta komunitateei laguntzea”.
AKUAL programatik nabarmentzen dutenez, ura eskuratzea ez da soilik azpiegitura kontua, baizik eta zerbitzu jasangarriak eta kalitatezkoak bermatzeko gai diren erakunde publiko indartsuena”.
Giza eskubide oraindik desorekatua
2010ean, Nazio Batuek ura eta saneamendua izateko giza eskubidea aitortu zuten, pertsonen osasuna, berdintasuna eta garapena bermatzeko funtsezko elementu gisa.
Testuinguru horretan, AKUAL lankidetza publikoko eredu bat sustatzen ari da, Euskadiko eta Nafarroako uraren erakundeak Erdialdeko Amerikako sektoreko operadore eta erakundeekin konektatzen dituena.
“Erakunde publikoen arteko truke teknikoari esker, uraren kudeaketa hobetzen da, esperientzia partekatutik eta elkarrengandik ikasita”, azaldu dute programatik.
Europaren onarpena
2025ean, AKUAL PLATFORMAwards sarietan saritu zuten, tokiko eta eskualdeko gobernuen artekolankidetza deszentralizatuko jardunbide egokiak saritzen dituen Europako sarietan.
Lankidetza teknikoa eta elkarrekiko ikaskuntza
Programaren balio bereizgarria lankidetza horizontalaren ikuspegian datza. Tokiko erakundeek berek identifikatutako beharretatik abiatzen dira ekintzak, eta uraren sektoreko profesionalen arteko truke teknikoaren bidez garatzen dira.
Emaitza aipagarrienen artean:
- 5.000 pertsona baino gehiagok dute edateko ura eskuratzeko aukera hobetua El Salvadorreko udalerrietan.
- 400 profesional baino gehiago, teknikoki trebatuak edo lagunduak.
- Hiru lurralde konektatuak: Euskadi, El Salvador eta Costa Rica lankidetza triangeluarraren bidez.
- 10 erakunde publiko baino gehiago daude inplikatuta, besteak beste, AMVISA, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa, URA, Bilboko Udala, Gasteizko Udala, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiak eta Nafarroako Toki Azpiegituren NILSA.
- Horiez gain, ANDA (El Salvador), AyA (Costa Rica) eta Erdialdeko Amerikako eta Dominikar Errepublikako Edateko Uraren eta Saneamenduaren Foroa (FOCARD-APS) daude.
Ekintzen artean daude laguntza teknikoa, kudeaketa-prozesuak hobetzea, metodologiak trukatzea eta erakundeak indartzea.
Jarraian, AKUAL Fundazioaren lana laburbiltzen duen infografia batekin uzten zaituztegu:

